Lurre(z)ko ahizpen feminismo baten alde

Udaberria sumatzen da, eta ernamuindu den hazi bat dago gorantza hazteko borrokan. Bakarrik, bidea zabaltzen hasten da, lurra apurtzen, poliki-poliki, eguzkiaren erritmora, hazten. Baina jaio eta koskortzeko ura ere behar du. Eta, ez bada iristen, hura aurkitzeko lehiatuko da.

Ahizpa,

gu,

horrelakoak gara. Haziek bezala egiten dugu aurrera. Lehen begiratuan ikusezinak dirudite baina gure ahotsen indarrarekin hazten dira, gure esku eta hitzen bitartez etengabe komunitatea ehuntzen dabilen bizitzaz beteriko lurralde batean.

Gure herrietako bizitzaren parte ere bagara: lo-kanta, sustrai, taupada. Eta beren jatorrizko lekutik milaka eta milaka kilometrora ernetzeko transhumanteen artilean katigatzen diren hazi horiek bezala, eutsi egiten dugu, borrokatu. Eta gure aurretiko emakumeei begiratuta badakigu zergatik ezin dugun isilik jarraitu.

Martxoaren 8a gu guztiona dela esan dute.

Baina komunikabideetan eta sareetan islatzen dena ez da horrela izaten. Izan ere, askotan, gainazalean geratzen gara eta ez gara hirietatik haratago joaten; zirkulu hertsiki kulturaletako emakumeak baizik ez ditugu izendatzen edo goraipatzen.

Non geratzen gara landa eremuko emakumeak? Nola? Nola atera laiotzetik argitara ezagutzen ez dena? Nola aintzat hartu lan egiten duten esku horiek pertsona askoren soak ikusten ez dituenean?

Landa-eremuko emakumeak, sistema kapitalista, teknokratiko eta urbanozentriko honetan, doblezka baztertuak izan gara beti, doblezka ahaztuak: emakumeak izateagatik eta landatarrak izateagatik.

Emakume landatarrak,

seme bakar baten arrebak, beti inoren emazte, alaba, biloba, iloba …

Beti itzalean, baina pisu guztia eramanez. Ezeren jabe, baina gauza guztien arduradun.

Izan ere, gure amona eta amak bezalako emakumeen lana eta izerdia omentzeko garaia da jada; lurra hainbeste landu zuten horiek, aldi berean, etxeko zaintzen motxila ere bizkar gainean zeramatenak, isil-isilean.

Banan-banan izendatu behar dira.

Bozgorailu lanak egin, euren ahotsak burrunba egin dezaten.

Beraiek ere izan zirela kontatu: orain ere badirela, eta izango direla, lurre(z)ko emakume indartsuak, gehien-gehienetan ez aukeratu ez erabaki ezin izan zutenak. Ukoen bitartez, berdintasun eza eta matxismoa oinarri hartuta eraikitako etxe batean haziz, besteoi zidorrak ireki zizkigutenak.

Eta ez:

ez ditugu ahazten gaur, nahi izan arren, greba egin ezin duten eta manifestaziora etorri ezin diren emakume horiek.

Guk jarraitzen dugulako zaintzaileak izaten: pertsonen zaintzaileak, artaldeenak, laboreenak, landenak, basoenak eta herrienak. Eta ezin ditugu ahaztu — nola ez — gure lurraldean gehiegikeria eta matxismoz betetako egoera prekarioetan lan egiten duten lagun migratzaile guztiak. Beraiek, emakumeak, landatarrak eta migratzaileak, hiru aldiz marjinatuak.

Berriro diogu.

Bada garaia begiratzeko modua aldatzeko.

Beti egon izan gara hemen. Lurra lantzen, zaintzen, etxea zutik mantentzeko ezinbestekoa zen sustrai ikusezina izaten.

Gure aurretikoek izan zituzten zailtasunak zailtasun; nahiz eta, orain ere, zaila izaten jarraitzen duen.

Ez, ez dugu behar inork salbatzea.

Gune eta bozgorailuak nahi ditugu: hemen gaude, hemen egon gara: egoten jarraitu nahi dugu.

Administrazioak hirien eskaerak asetzean bakarrik ez pentsatzea nahi dugu, guk ere oinarrizko zerbitzuak behar ditugulako. Joatea edo bertan gelditzea erabaki ahal izatea nahi dugu. Bigarren mailako herritarrak izateari utzi nahi diogu. Elikadura subiranotasuna, abeltzaintza estentsiboa eta agroekologia nahi ditugu. Komunitateak sortu nahi ditugu, horiek mantentzea, beti elkarri laguntzea. Aitortuak eta babestuak sentitzea.

Eta etorkizuneko nesken eredu izan nahi dugu, gure alabak edo gure bilobak izan ala ez. Lur hau beraien lurra ere badela esan nahi diegu. Animaliaz, zuhaitzez, lurraldeez eta pertsonez betetako kultura hau beraiena ere badela. Hortik gatoz eta horrantz goaz. Ez dugulako joan nahi. Beste bizimodu, harreman eta ekoizpen eredu batzuk posibleak direla uste dugulako, egungo sistema ustiatzaile horretatik haratago; gure ertzek asko dute irakasteko, elikatzeko.

auzolana euskaraz,

a vecinal aragoieraz.

facendera leoneraz,

sestaferia asturieraz,

roga galegoz,

a tornallom valentzieraz,

a cumuña kantabrieraz,

treball a jova katalanez,

a vediau araneraz…

Auzo-lanak, zaindu eta lagundu egiten duten eskuak. Nekazaritzako edo landa-inguruneko lan asko egiteko modu natural bat, oro har, gure herriak elikatzen eta biziberritzen zituena.

Orain, inoiz baino gehiago, hitz horiek berreskuratu behar ditugu, eta — batez ere — gure lurraldeetako hitz horiek bere baitan gordetzen duten guztiari benetako bizitza eman.

Landa-ingurunean gure artean saretzen jarraitu behar dugu, kontatzen, hitz egiten, ahotsa altxatzen, batzuek besteei laguntzen. Sustraien eta adarren parte izan.

Gure lurraldeak ez daudelako hutsik, horiek husten ahalegindu zareten arren.

Hemen gaudelako, hemen bizirik gaudelako.

Guztiontzako feminismo baten alde,

lurre(z)ko ahizpen feminismoaren alde.***

Gure manifestuari atxikitzeko aukera duzu hemen. Elkarrekin, hobe.

***Ilustrazioa Cristina Jiménezena da. Inprimatzeko, hemen deskarga dezakezue.

Manifestua Lucia Lopez Marco eta María Sánchezek idatzia da. Eskerrak eman nahi dizkiegu Patricia Dopazo, Anna Gomar, Blanca Ruibal eta Elena Medeli beraien aholku eta ekarpenengatik, baita baraien ekarpenak helarazi dizkiguten emakume guztiei ere.
Euskarara itzulpena: Leire Milikua Larramendi